“Etxez etxeko higienea eta arreta sanitarioa” izeneko formazio ikastaroa antolatu du Udalak arloan dihardutenek profesional ziurtagiria eskuratu dezaten

2015/09/18
Card image cap
Izen ematea zabalik dago

  Udalak, lehenago ere egin izan ditu zaintza eta etxeko lanen inguruko  formazio saioak, oraingoaren antzera, sektorean lan egiteko beharko den profesional ziurtagiria eskuratzeko helburuz. Orain artekoak ordea, oinarrizkoak izan dira eta urrian abiatuko dena berriz, sakonagoa edo maila handiagoko ziurtagiria jasotzea ahalbideratuko duena. Izan ere, pertsonei arreta soziosanitarioa emateko gaitasuna adieraziko baitu eta erdi mailako lanbide heziketarekin edo parekatu ahal izango da. Horretxegatik, parte hartzeko, DBH edo erdi mailako lanbide heziketarako sarbide azterketa gaindituta izatea eskatzen da edo, lehen udalak ematen zituen 120 orduko oinarrizko ikastaroa egina izatea. Agiri horiek izan gabe ere izena eman daiteke, baina eskatzaileen gutxieneko maila ziurtatzeko egingo zaien sarrera froga gainditu beharko dute.

Etxez etxeko higienea eta arreta sanitarioa ikastaroa 170 orduko modulua da. Urriaren 19tik abenduaren 18ra egingo da, astelehenetik ostiralera, arratsaldeko 15.00etatik 19.00tara. Arrasateko Bastida akademiak emango du eta Zubillagako Olaburu zentroan izango da.

  Izena emateko epea dagoeneko zabalik dago. Interesa duenak, Bidebarrieta kaleko 12an enplegu zerbitzuak dituen bulegoetatik pasa behar du edo bertara telefonoz deitu: 943.037700 da zenbakira. Izena posta elaktronikoz ere eman daiteke, mezua honako helbidera bidaliz: enplegu@onati.eus

  Plazak mugatuak dira eta gehienez, 15 lagunek egin ahal izango dute. Udaberrian, ikastaro hau martxan jartzeko lehen ahalegina egin zen. Orduan, gutxieneko partaide kopurua ez zen lortu baina hainbat lagunen izenak jaso ziren eta lehentasuna emango zaie. Astelehenetik aurrera deituko zaie, formazio ikastaro honetan aritzeko intentziorik eta disponibilitaterik baduten galdetzeko.

  Udalak antolatu duen formazio ikastaro honetan, mendeko pertsonen higienea eta arreta sanitarioa landuko dira. Lehen modulu hau, hurrengo hilabeteetan egin asmo diren beste hiru moduluz osatuko da. Horietan,  etxez etxeko arreta eta laguntza psikosoziala, laguntza eta familia elikadura eta beste jardunbide batzuk ikasiko dira. Guztira, lau moduluak eginda, 600 orduko  formazio osotua jasoko du ikasleak eta bigarren mailako profesionaltasun ziurtagiria jasoko dute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!